2009/05/07
Naturgas Energíak 34,9 milioi euro irabazi zituen lehen hiruhilekoan, % 8 gehiago
Bilbo, 2009ko maiatzaren 7a.- Naturags Energia Taldea, S.A.k irabazi garbia % 8 areagotu zuen urteko lehen hiru hilabeteetan, 34,9 milioi euroraino. Negozio-zifra 338,2 milioi eurokoa izan zen, eta, beraz, % 2ko beherakada jasan zuen; batez ere, nazioarteko merkatuetan gasaren eta petrolioaren prezioek izandako bilakaeraren ondorioz eta salmentak —industriakoak bereziki— gutxitu direlako. EBITDA % 10 hazi zen, eta 54,4 milioi eurora iritsi zen.
Hauek dira, batez ere, emaitza horien oinarriak: iazko ekitaldian Banaketa eta Garraioko aktiboetan egindako inbertsio garrantzitsuen kapitalizazioa, EDP Taldearekin ditugun sinergien igoera eta merkataritza-marjina onuragarriak.
| Milioi eurotan | 2009ko martxoa | 2008ko martxoa | % |
|---|---|---|---|
| Negozio zifra | 338,2 | 345,4 | (2) |
| EBITDA | 54,4 | 49,3 | 10 |
| Mozkin garbia | 34,9 | 32,3 | 8 |
Negozio-datuak
Negozio-zifrei dagokienez, merkaturatzailearen bezero-kopuruaren igoera nabarmena izan zen (% 45), 630.394 bezerora iritsi baitzen. Bezeroak banatzailetik merkaturatzailera pasatu behar izanak sortu zuen igoera hori, batez ere.
Merkaturatutako energia-bolumena % 22 jaitsi zen, eta zifra horrek argi adierazten du produkzio-sektoreetako jarduera ekonomikoa txikiagoa izan zela azken hilabeteetan.
Merkatu arautuan, Naturgas Energíak gas-hornidurako sarea zabaltzen jarraitu zuen; banaketa-lekuen kopurua % 3 igo zen, 693.698 izan arte. Hazkundea sektoreko batezbestekoa baino handiagoa izan zen. Banatutako edo garraiatutako energia-kantitatea egonkorra zen.
5,5 milioi euroko inbertsioak egin ziren, Euskal Herriko azpiegituretan batez ere, Bergara-Irun gasbidea bikoizteko lanetan. Kapitulu hori % 29 jaitsi zen, urtaroak direla eta; izan ere, inbertsioak ez dira modu iraunkorrean egiten urte osoan zehar.
Hori dela eta, 2009an azpiegituretan 92 milioi euro (iaz baino % 5 gehiago) inbertitzeko aurreikuspena mantentzen du enpresak.
| 2009ko martxoa | 2008ko martxoa | % | |
|---|---|---|---|
| Energia banatua (GWh) | 6.260 | 6.332 | (1) |
| Energia merkaturatua(GWh) Gasa Elektrizitatea |
6.415 6.013 402 |
8.199 7.740 459 |
(22) (22) (12) |
| Gas-merkatu arautua (horniketa-lekuak) |
693.698 | 672.305 | 3 |
| Gas-merkatu liberalizatuko bezeroak | 630.394 | 439.006 | 44 |
| Elektrizitate-merkatu liberalizatuko bezeroak | 41.876 | 41.331 | 1 |
| Inbertsioak (milioi eurotan) | 5.5 | 7.7 | (29) |
Martxan dauden proiektuak eta inbertsiorako aukera izan daitezkeenak
Lehen hiruhilekoan, Bergara-Irun gasbidea bikoizteko lanen bigarren zatiarekin jarraitu zuen Naturgas Energíak. Zati horrek 25 kilometroko luzera izango du, eta Zaldibia eta Villabona elkartuko ditu. Inbertsioa 21 milioi eurokoa da. Zati hori urteko bigarren hiruhilekoan amaitzea espero da. Ondoren, Naturgas Energíak hirugarren eta azken zatiaren lanak hasiko ditu, Villabona eta Irun artean. Zati hori 2010ean amaituko da. Bergara-Irun gasbideak 88 kilometro izango ditu luzeran, eta 68 milioi euro inbertituko dira guztira.
Bergara-Irun gasbidea bikoizteko lanek, egia esan, Euskadour gasbidea eraikitzeko bigarren fasea osatzen dute. Gasbide horrek Espainiako eta Frantziako sareak lotzen ditu Irunen. Euskadour-ek bi helburu hauek ditu: eremu horretako herritarrak gasez hornitzea eta Europako hegoaldeko hornikuntzarik eza saihestea. Gasbidea amaitutakoan, estrategia-posizio ezin hobea izango du EAEk, eta ziurtatua izango du energia-hornikuntza, azpiegitura-sare bikaina izango baitu.
Horrez gain, Naturgas Energíak laster hasiko ditu Serinya eta Figueres arteko gasbidea egiteko lanak, Gironan. 22 kilometro izango ditu luzeran, eta 8,7 milioi euro inbertituko dira. Lanak urteko azken hiruhilekora arte luzatuko dira.
Bestalde, enpresa Meridako banaketa-sarea garatzen ari da. 100 kilometro baino gehiagoko sarea du jada, eta hamar urtean 12.000 horniketa-puntu izatea aurreikusten da. Naturgas Energíak Meridan egingo duen inbertsioa 3,8 milioi eurora igoko da 2009tik 2012rako epean.
Azkenik, bere sarea hirigune berrietara hedatzeko lanetan aritu zen enpresa urteko lehen hiruhilekoan, eta hainbat udalerritan eraiki zituen sareak: Euskal Herrian, Ezkion, Ataunen eta Berastegin; Asturiasen, Santes Barres-en; Madrilen, Villarejo de Salvanés-en; eta Katalunian, Figueres-en.
Banaketa eta garraioko aktiboetan, inbertsio-aukera berrietara irekita dago Naturgas Energía, baldin eta oraingo negozioa osatzen badute eta balioa sortzen badute.
Naturgas Energía Taldea
Naturgas Energíak gasez eta elektrizitatez hornitzen ditu enpresak eta herritar partikularrak, azpiegitura propioekin, zortzi autonomia-erkidego hauetan: EAE, Asturias, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroa. Espainiako merkatuko bigarren gas-banatzailea da Taldea, eta gasa garraiatzen eta banatzen du merkatu arautuan; merkatu liberalizatuan, berriz, gasa eta elektrizitatea saltzen ditu.
Naturgas Energía gas-horniketan liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Asturiasen, eta bigarren elektrizitate-operadorea EAEn. 1.333 milioi euroko negozio-zifra izan zuen 2008an, eta 5.800 kilometrotik gorako gasbide-sarea du. EDP Taldeko Hc Energíako kide da.
Gehiago