naturgas


Prentsa oharrak

2009/05/11

Euskal industriaren iraganari buruzko material historikoa emango dio Naturgas Energíak Lenbur Fundazioari

  • Dohaintza Donostigas zenari lotua dago, eta Euskal Herriko Industria Kulturaren Museoan erabiliko da, gizarteari erakusteko eta laguntzeko

Donostia, 2009ko maiatzaren 11a.- Naturgas Energíak eta Lenbur Fundazioak gaur sinatu duten hitzarmenaren arabera, Euskal Herriko Industria Kulturaren Museora bideratutako material historiko ugari eman dio energia-operadoreak fundazioari. Fernando Bergasa Naturgas Energíako kontseilari zuzendari nagusiak eta Luis Chillida Lenbur Fundazioko lehendakariak izenpetu dute hitzarmena, bi erakundeen ordezkari gisa.

Euskal Herriko industriaren historiako alderdi adierazgarri bat hedatzea da Naturgas Energíaren dohaintzaren helburua, eta, horretarako, material hori interesa duen publikoaren eskura jarriko du.

Naturgas Energíak emandako sortan dokumentazio ugari eta mota askotako tresnak daude, guztiak Donostigas udaleko gas-enpresa zaharrarenak. 1861. urtean sortu zen, “Empresa del Alumbrado de Gas de San Sebastián” izenarekin, eta 1892. urtetik 1998. urtera arte hiri guztiari zerbitzua eman zion gas-fabrika eraiki zuen. Gas naturalak gasa ordeztu zuenean itxi zen fabrika (1998), eta prozesu hori 1990. urtean hasi zen.

Ondoren, Donostigas Naturgas Energíarekin batu zen. Donostiako Udala azken enpresa horretako bazkide da, eta akzioen % 4,1 du.

Dohaintza-sortaren deskribapena

  • Dokumentazioz beteriko 100 kaxa
  • Planoz beteriko lau plano-artxibategi.
  • Zortzi idazmakina.
  • Tresneria gordetzeko bi iturgin-kaxa.
  • Iturgin-maletak.
  • Laborategiko makinak.
  • Modelo ezberdinetako 30 kontadore, 1897tik 1967rainokoak.
  • Laborategiko tresneria.
  • Gasometro-eredua.
  • Bankada: egiaztapen-mahaia.
  • Kalorimetroa.
  • Balantza.
  • Donostigasen logoa duen kristalezko baxera.
  • Dokumentazio ugari duten bi artxibategi.

Lenbur Fundazioa

Lenbur Fundazioaren helburu orokorra da Legazpi eta inguruko udalerriak dinamizatzea, garatzea eta sustatzea alderdi sozial, turistiko, kultural eta ekonomikotik. Horretarako, baliabide naturaletan, arrasto historikoetan, kultura-ondarean, burdin industrian eta beste zenbait alorretan oinarritutako proiektuak sortu, diseinatu eta martxan jarri nahi ditu. Hala, baliabide horiek turistikoki sustatuz eta hedatuz, Eskualde horren eta Euskal Herriaren etengabeko garapenean lagundu nahi du, herritarren ongizatea hobetzeko.

Naturgas Energía Taldea

Naturgas Energíak gasez eta elektrizitatez hornitzen ditu enpresak eta herritar partikularrak, azpiegitura propioekin, zortzi autonomia-erkidego hauetan: EAE, Asturias, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroa. Espainiako merkatuko bigarren gas-banatzailea da Taldea, eta gasa garraiatzen eta banatzen du merkatu arautuan; merkatu liberalizatuan, berriz, gasa eta elektrizitatea saltzen ditu.

Naturgas Energía gas-horniketan liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Asturiasen, eta bigarren elektrizitate-operadorea EAEn. 1.333 milioi euroko negozio-zifra izan zuen 2008an, eta 5.800 kilometrotik gorako gasbide-sarea du. EDP Taldeko Hc Energíako kide da.