2012/01/19
Naturgas Energíak talentu bila etorriko den nazioarteko lantalde bat hartuko du Bilbon
Bilbo, 2012ko urtarrilaren 19a.- Naturgas Energíak International Gas Unionen (IGU) Task Force 1ek 2012an egingo duen lehenengo bilera hartuko du. Topaketaren helburua da unibertsitateko ikasleei gasaren sektorean lan egitearen abantailak erakustea talentua erakartzeko. Aurreko bilerak Londresen, Qatarren eta Pragan egin ziren, eta azkena Parisekoa izan zen.
Hamar herrialdetako 17 pertsonak —Naturgas Energíaren bi ordezkarik, besteak beste— esperientziak eta ikuspuntuak trukatuko dituzte industriarako jardunbiderik onena analizatzeko eta ateratako ondorioei buruzko dokumentu bat lantzeko. Agiri hori World Gas Conference-ren XXV. edizioan aurkeztuko da. Biltzarra Kuala Lumpur-en (Malasia) egingo da ekainaren hasieran, ‘Gas: Sustaining Future Global Growth’ (Gasa: munduaren etorkizuneko hazkuntzaren euskarria) lelopean.
Horretarako, Task Force 1ek bi inkesta zabal helarazi dizkie industriako eragile nagusiei, elkarrizketak egin ditu sektoreko ordezkariekin eta eskualde-mailan mintegiak antolatu ditu.
Taldeko kideak gaur elkartuko dira Bilboko Ingeniaritza Eskolan azken hilabeteetan gauzatu diren jarduerak analizatzeko, eta, horrez gain, Ingeniaritza Eskolan 2010etik dagoen Naturgas Energíaren Gasaren Gelako I+G+b proiektuetan lan egiten duten ikasleekin batzartuko dira. Naturgas Energíak Task Force 1en kideei Aretoan egindako lana aurkeztuko die, hau da, burutu diren bost proiektuak eta gauzatzen ari diren beste zazpiak.
Naturgas Energía IGUren kide da Sedigásen bitartez (Espainiako Gas Elkartea), eta Task Force 1en parte hartzen du, berrikuntzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustuaren ildotik.
International Gas Union (IGU)
IGU gas naturalaren arloko munduko elkarterik handiena da, eta aktiboki sustatzen du gas naturalaren erabilpena. Natura energia garbi, eraginkor eta ugariaren oinarri gisa hartzen du, eta, aldi berean, ingurumena babestea sustatzen du. IGUk 100 elkarte bazkide baino gehiago ditu mundu osoan, eta nazioartean merkaturatzen den gas naturalaren %95 barne hartzen du. Elkartea estuki dago lotuta nazioarteko beste energia-erakunde askorekin, eta gobernuekin, erregulatzaileekin eta agentzia aldeanitzekin batera egiten du lan. IGUk azken urteotan bere kideekin lan egin du gas naturalaren garapen teknologikoa eta ekonomikoa sustatzeko.
Naturgas Energía
Naturgas Energíak gasa eta elektrizitatea hornitzen die enpresa eta partikularrei, eta bere azpiegitura propioekin egiten du lan bederatzi Autonomia Erkidego hauetan: Asturias, Kantabria, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Taldea espainiar merkatuko bigarren gas-hornitzailerik garrantzitsuena da eta, horrez gain, bigarren erakunderik garrantzitsuena da gasaren garraioari dagokionez. Azpimarratzekoa da, halaber, gasa eta elektrizitatea merkaturatzen dituela, eta, bezero-kopuruari dagokionez, hirugarren entitaterik garrantzitsuena dela.
Naturgas Energía liderra da gasaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoan, Asturiasen, Kantabrian eta Murtzian, eta bigarren elektrizitate erakunderik garrantzitsuena da Euskal Autonomia Erkidegoan. 2010ean 1.331 milioi euroko negozio-zifra eta 68 milioi euroko irabazi garbia lortu zituen, erakundearen gasbide-sarea 10.000 kilometrotik gorakoa da eta HC Energíaren parte da (EDP Taldea).
Gehiago